Néstor Basterretxea: Forma eta unibertsoa

exposicion-327x250-200

Peio Aguirre komisario duen erakusketa honen bidez, Néstor Basterretxearen (Bermeo, Bizkaia, 1924) obraren orain arteko atzera begirako bildumarik osoena jarri nahi izan da ikusgai; eta helburu horrekin argitaratu da, halaber, erakusketa honi loturiko katalogo zehatza.

Aldez aurretik, 2008an, Basterretxeak museoari dohaintzan eman zizkionEuskal serie kosmogonikoa saila osatzen duten 18 eskulturak, XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal eskulturako multzo ospetsuenetako bat.

Erakusketa honek 60 urte inguruko sorkuntza ibilbide oparo baten azterketa proposatzen du, egileak baliatu izan dituen teknika eta adierazpen artistiko askotarikoetan barrenako bidaia. Margolaritzan lehen urratsak egin zituenetik hasi, eta eskulturari heldu zion arteko tarte osoa biltzen du, alde batera utzi gabe zinema, diseinu industriala, grafikoa, altzarien diseinua, arkitektura eta hirigintzako proiektu gauzatu gabeak, argazkilaritza, kartelgintza eta idazketa. Juan Daniel Fullaondok “Basterretxea kaleidoskopioa” deituriko oparotasun hori berregiten du, beraz, artistak bere hizkuntza formalean estetika, korronte, estilo eta joera antagonikoak txertatzeko duen gaitasunaren adierazpen gisa.

Basterretxea XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskulturaren berritzaile nagusienetakotzat hartua den arren, publizitateko marrazkilari modura hasi zen lanean, pinturari modu autodidaktan heldu aurretik. 1950eko hamarraldiaren amaieran, eskultura lantzen hasi zen, Jorge Oteizaren eskutik; Equipo 57 taldearen kide sortzailea izan zen, eta Bartzelonako Equipo Formarekin lankidetzan jardun zuen. 1961ean, Sao Pauloko VI. Biurtekoan (Brasil) Espainiaren ordezkari izateko hautatutako eskultore bakarra izan zen.

Handik gutxira, 1966an, Gaur abangoardiako euskal taldea sortu zuen, beste artista batzuekin batera. Garai hartan hasi zen zinemagintza lantzen ere; ordukoak ditu, besteak beste, Pelotari (1964) eta Alquézar (1966) film laburrak eta Ama Lur (1968) film luzea, guztiak ere Fernando Larruquertekin eginak. Aurrerago, laurogeiko hamarraldian, eskultura publikoaren arloan nabarmendu zen, batik bat; jarduera horren emaitzak ikus daitezke Euskal Herriko hainbat tokitan, baita Espainiako, Estatu Batuetako, Argentinako eta Txileko zenbait hiritan ere.

Erakusketa honetarako, 200 pieza inguru bildu dira, eta Basterretxearen obraren gaineko ikuspegi garaikide eta aldi berean historikoa eskaintzen du, abangoardiako hizkuntza artistikoen bidez tradizioaz egiten duen interpretazio berezia erakustearekin batera.

Informazioa: Bilboko Arte Ederren Museoa